XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1997, Jesukristoren Urtea

Jesus berbiztua, Jainkoa eta gizona

Hiru urte bakarrik falta dira bimilagarren urterako.

Eta urte horretan, Aita Santuak esan duenez, jubilio handi bat ospatuko da.

Eta muga horretara heltzeko falta diren hiru urteak era honetara banatuko dira, Aita Santu berak erabaki duenez, hots, lehenbizikoa Jesukristori eskainiz; bigarrena, Espiritu Santuaren omenez, eta hirugarrena, aldiz, Jainko Aitaren ohoretan.

Esandakoaren arabera, lehenbizikoa, hots, aurtengo urtea, Jesukristori eskania dugu, bada.

Testamentu Zaharrean amak mundura ekarritako lehen gizona, hots, gizakia, Jainkoari eskaini behar zitzaion, eta lege hori betetzeko, Jesus jaio eta berrogei egun geroago, Jerusalengo tenplora joan ziren San Jose, Ama Birjina eta Jesus haurra.

Eta hain zuzen, Tenploan sartzerakoan han topo egin zuten Simeonekin.

Gizon zahar eta santu bat zen hau, beti Jerusalengo tenploan otoitzean egoten zena.

Honek, bada, haurra altzoan harturik, Jainkoa bedeinkatzen zuen, ume hura ikusteko zoria izan zuelako.

Ume hura izango baitzen mundu guztiko herriak argitzeko Jainkoak bidalia (Lc 2,25 ss).

Gaur ia mundo osoan onarturik dago urteak Jeskristoren jaiotzatik kontatzeko ohitura, hots, Jesusen jaiotzako urtea lehenengo urtetzat hartuz.

Dionisio Txikarra fraide jakintsua izan zen urteak Jesusen jaiotzatik kontatzeko ohitura hau asmatu zuena.

Ordurako, ordea, urte asko paseak ziren, eta dirudienez, kontuak ez zituen guztiz ongi atera Dionisio Txikar horrek.

Honek lehen urtetzat jo zuena ez omen da presiski Jesus jaio zen urtea.

Izan ere ordurako Jesusek 6-7 urte zeuzkan, itxuren arabera.

Errakuntza handirik ere ez dago, eta urte bat guti gorabehera, hobe da gauzak bere horretan uztea.

Jesusen bizia ez zen luzea ere izan: 33 urte, guti gora-behera.

Horietatik gehienak Nazareten pasa zituen arotz-lana egiten, hori baitzen San Joseren lanbidea.

Baina ogeitamar urte edo zituenean, Nazaret utzi eta hasten da herriz-herriz predikatzen, batez ere Kafarnaun-en eta inguruko herrietan; Kinneret lakuaren inguruko herrietan, alegia.

Juduak larunbatez sinagogetan biltzen ziren otoitz egiteko eta beren erlijioari buruzko gauzak ikasteko.

Fariseoak oso ziren erlijioaren aldeko.

Jesus ere erlijioaren aldeko bai, noski, baina iritzietan ez zetorren beti bat fariseoekin.

Gurasoek Jesusalena eraman zuten Jesus.

Simeon izeneko gizon bat bizi zen orduan Jerusalenen, gizon zintzo eta jainkozalea, Israelen poza itxadoten zuena, eta Espiritu Santua berekin zuena...

Gurasoak Jesus eraman zutenean, hartu zuen Simoenek haurra besoetan eta Jaungoikoa bedeinkatu zuen esanez: Orain utz dezakezu Jauna, morroi hau bakean joaten, Zeuk hitzeman bezala (Lk 2, 21-32).